XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edo heltzen nion edo bestela uzten nion burua mosaikozko zoruaren gainean kraskatzen.

Besapeetatik heldu nion eta orduantxe gomazko hankadun bilakatu zitzaidan.

Gorputza estutu behar izan nion gora jasotzeko.

Burua nire bularraren kontra zeukanean torlojo baten antzera biratu eta irri-karkara bat bota zidan.

-Ederra zara esan zidan irri-karkaraka.

-Ni ere ederra naiz.

Ez nion deus esan.

Jakina, zerbitzariak une apropos hura aukeratu zuen ate-leihoetatik itzultzeko eta neska nola besarkatzen nuen ikusteko.

Ez zirudien horrek asko axola zionik.

Gizon luze mehe ile-urdina zen, hirurogei urtekoa edo artean bete gabea edo bete berria.

Begi urdinak zeuzkan eta ezin begi urrunagoak eduki, gainera.

Azal leuna eta argia zuen eta oso gizon gihartsu baten antzera mugitzen zen.

Astiro-astiro gurutzatu zuen ezkaratza gure alderantz eta neskak itsumustuan aldegin zidan.

Tximistaren pare gurutzatu zuen aretoa eskaileraren oineraino eta orein bat bezala igo zen handik.

Ezkutatuta zegoen nik arnasaldi luze bat hartu eta botatzeko beta izan nuenerako.

Zerbitzariak doinurik gabe esan zidan:

- Zain daukazu jenerala, Marlowe jauna.

Nik kokotsa gora astinduz keinu bat egin nion buruaz:

- Zein zen hori?

- Carmen Sternwood andereñoa, jauna.

- Bularretik kendu beharko zenukete.

- Nahikoa kozkortuta dago, itxura denez.

Niri adeitasun goibelez begiratu eta lehen esandakoa errepikatu zidan.